Sarrera honetan bizitzan zehar jasan dudan gorputz prozesua azaltzen dizuet, nahiko luzea da eta medikuntzan, fisioterapian edo anatomian oso jakitun ez banaiz ere ahal dudan moduan azaltzen saiatu naiz. Interesa duzuenontzat bukaeran sorpresatxo bat dago.
Gorputz prozesua
Jaiotzez oin lauak eta ‘valgo’ak izan ditut, hauek zuzentzeko plantilak eta zapata bereziak erabiltzera behartu ninduen herentzia genetikoa. Oin lauak izateak kirola egiterakoan ohizkoa baino gehiago nekatuko nintzela eragingo zuen baina ni ez nintzen bereziki nekatuta sentitzen. Hortaz, edozein haurrek bezala edozein kirol mota praktikatzen saiatzen nintzen. Hanketan indarra eta korrika egiten abiadura izaten nuen gainera.
Neurri batean ‘anbidiestroa’ naiz, baloia ezkerreko hankarekin jaurtitzen dut eta eskuineko eskuarekin idazten. Niretzat gauza arrunta zen baina berehala ikusi nuen ez zela gauza hain arrunta. Izaera honek erraztasun batzuk ekarri zizkidan, esaterako, zentzumen espazialarekiko, oreka mantentzeko, lasterketa egiteko hasiera batzuetan eta indar antzekoa eduki nezakeen bi besoetan. Honek eskuin porrokatu bat ez izaten lagundu zuen eta nire gorputza erabiltzerakoan nolabait trebeagoa izaten lagundu zidan.
Kirolak frogatzen
Kirol ugari frogatu nituen, judoa, futbola, eskubaloia, eskia, tenisa, esku pilota, pala, bela, izotz patinajea, atletismoa eta 3 hilabetez ere pertika jauzia frogatzen egon nintzen, patinatzen ezkerreko besoan zaintiratu bat egin nuen arte.
Kirol guzti hauek frogatzen teknika garatzeko aholku eta jarraibideak adi-adi entzun eta nere gorputzera itzultzen saiatzen nintzen. Ez nintzen kirolari on bat bereiziki ezta oso konpetitiboa ere, besterik gabe disfrutatzen nuen kirol guzti horiek frogatu eta praktikatuz. Arte martzialak ere asko gustatzen zitzaizkidan eta ninjak teilatuetatik salto egiten zutenean soinurik egin gabe lurreratzen zirela harritzen ninduen.
Bere momentuan koziente ez banintz ere, kirol guzti hauek frogatzen pixkanaka gorputzaren ezagutza bat jasotzen ari nintzen noski, bere erabilpena, beroketa, garapena, oreka, luzapenak eta abar, azken batean kirola praktikatzea dena. Garai honetan zehar ez nintzen inoiz bereiziki nekatua nabaritzen. Behin podologora joan nintzela ‘eskiatzaileen lesioa’ nuela iragarri zidan, azken batean ezkerreko orkatilarekin egiten nuen soinu bat zen, tendoi bat orkatila hezur gainetik pasarazten nuen eta gero bere lekuan uzten nuen hala nola. Nahi nuen guztietan egin nezakeen soinu hori.
Eskiatzera joaten nintzela presio asko sentitzen nuen ezker oineko botan eta batzuetan lo geratzen zitzaidan inurri pila bat sentitzen nituelarik. Azken batean, futbola izan zen gehien praktikatu nuen kirola.
Futbola praktikatzen ere izterretan tiraldi eta urratu batzuk sentitzen nituen noiz edo noiz baloia indartsu eta era jarrai batean jaurtitzen nuenean. Atzelaria nintzen eta atetik atera ohi nuen, taldeko atezain batzuk baino indar gehiago bait nuen hanketan eta urrutirago jaurtitzearren. Ez zen oso ohizkoa baina batzuetan bikiak eta izterretako muskuluak ere lotuta geratzen zitzaizkidan, ondo luzatuz hau konpontzen zela suposatzen zen. Uste dut jarraitutako gertaera honek azkenean nere ezkerreko hanka dezente izorratu zuela eta gainera hurrengo urtetarako nere gorputzaren konfigurazioa desorekatu zuela.
Egun batez zutik nengoela eta belaunak tolesterakoan ezkerreko belauna blokeatuta geratu zitzaidan tolestu ezinik. Errebote bat eman zuen malguki bat bezala berriro goraka. Jarraian kontu gehiagorekin saiatuz ez zen berriro gertatzen baina argi zegoen nere gorputzeko ezker aldea desegokituta zegoela eta gorputz osoa uzkurtzen ari zela hori konpentsatzearren.
Antzerki pixka bat eta dantza garaikidea
18 urterekin antzerkia egiten hasi nintzen, interpretazioa, ahotsa, proiekzioa, entzutea, inprobisatzea eta abar irakatsi zidaten, dena dela atentzioa gehien deitzen zidana gorputz espresioa zen. Gorputz espresioa aktoreen prestakuntzaren parte zen eta niretzat guzti hori gauza oso berria zen. Nire gorputza kirola bakarrik egiteaz zetorrela, oraindik indarra izaten jarraitzen nuen baina nahiko zurruna eta flexibotasun gutxi nuen.
Gorputz espresioa lantzen jarraitu nuen baina nere gorputzak ez zuen aldaketa nabarmenik jasan. Ezker aldeko desegokitzea izaten jarraitzen nuen baina ez nion garrantzi handirik ematen. Mugitzeko, arnasteko eta gorputza erabiltzeko era berriak ikasi nituen. Dantza garaikide klaseak jasotzeko izena eman nuen antzerkia egiten jarraitzen nuen bitartean. Denbora gutxian gorputzak flexibotasun gehiago, zurruntasun gutxiago eta orokorki gorputzean hobekuntza nabaritu nuen.
Asier Zabaletari esker, elkarrekin kale antzerki batean parte hartzen ari ginela, Adeshoras Danza dantza garaikide konpainian era jarrai batean dantzan aritzeko aukera eman zidan. Konpainian formazio zabala zuten bai dantza klasiko eta garaikidean ere, asko ikasi ahal izan nuen Arantza, Maite, Silvia eta Asierri esker. Ziurrenik inoiz ezin izango dut nahikoa eskertu urte hauetan zehar talde honek nirekin izandako eskuzabaltasuna. Nire gorputza dezente aldatzen hasi zen, oraindik ere forma gehiago, flexibotasun gehiago eta zurruntasun gutxiago garatzen ari nintzelarik. Beti esaten dut entseguen lehen hilabetean zentimetro bat hazi nuela.
Gorputza berriro erlaxatzen ikasi nuen, indar gutxiagorekin erabiltzen, arnastea, zentroa antzematea, muskulu bakoitza bereiztea, gorputz espiralak, espazioa sentitzea, desplazamenduak, urrutiago iristea, azken batean dantza egiten erakutsi zidaten. Antzerkia utzi egin nuen. Zenbait urte dantzan nahiko intentsibo ibili eta gero, orokorrean gorputzean hobekuntza nabarmena sentitu nezakeen, baina oraindik ere desegokitze hura ere hor mantentzen zen eta nahiz eta gehiegi ez nabaritu arlo askotan nahiko mugatzen zidan.
Orkatilarekin soinua egin nezakeen oraindik, ezkerreko oin-bularra eskubikoa baino askoz gutxiago luzatzen nuen eta kanporaka apur bat biratuta zegoen oina bere horretan. Eskubiko sorbaldan, omoplato inguruan hezurrekin beste soinu batzuk egin nitzakeen. Azken batean nire desegokitzea oso ezarrita zegoen eta nere gorputzak beste desegokitze batzuekin konpentsatzen ari zen pixkanaka.
Konpainian lanean urte batzuk pasa eta gero konpainia utzi genuen eta ordenagailuan era jarrai batean lan egiten hasi nintzen. Artelekun Arantza Balentziagaren dantza klase ireki batzuk hartzen hasi nintzen. Horrela nire gorputza aktiboago mantendu nezakeen. Klase gutxi ziren, ordurarte egiten nuenarekin konparatuz, baina klasea hartzen nuen bakoitzean egun batzuk bakarrik irauten zuen hobekuntza sentitzen nuen. Nabarmena zen forma fisikoa galtzen ari nintzela, ordenagailu aurrean eserita pasatzen bait nuen egun osoa beste kirolik egin gabe. Tarteka beste irakasle eta koreografoen dantza garaikide tailer intentsiboagoetan ere parte hartzen nuen.
Tailandiar masajeak
Egun batez Berlinen oporretan nengoelarik tailandiar masaje bat hartzea erabaki nuen. Nik ezer ez esan gabe masajista nere ezkerreko hankarekin sartu zen buru belarri eta gero gorputz osoan zehar orokorrean. Masajea arnasten hasi nintzen eta konturatu orduko masajista eta biok sinkronizatuta geunden. Handik atera nintzenean, harriz betetako motxila bat gainetik kendu zidatela sentitzen nuen, tonifikazio eta arintasun orokor bat ere. Gainera nire gorputzeko desegokitzea orekatuagoa zegoela sentitzen nuen.
Hurrengo urtetan hainbat tailandiar masaje jaso nituen, bai Tailandian oporretan eta baita Donostian ere. Guztietan nik ezer ez esan gabe nire ezkerreko hankarekin aritzen ziren buru belarri. Egun batez masajea jasotzeko begiak itxita prest nengoelarik, masajistak ezkerreko oinazpian puntu zehatz batean ikutu zidan. Nerbio punta bat ikutu zidan eta nere gorputzeko ezkerraldeak astindu handi bat eman zuen.
Kontakt inprobisazioa
Urs Staufferren kontakt inprobisazio ikastaro batean izena eman nuen, Arantza Balentziagak oso ondo zegoela esan zidala eta. Aukera ona ikusten nuen berriro kontakt inprobisazioa dantzatzeko, nire dantzari garaian noiz edo noiz frogatu nuen eta zaila iruditzen zitzaidan, ez nintzen oso eroso edo aske sentitzen horrela inprobisatzeko.
Nahiz eta forma gutxi izan ikastaroan oso gustora egon nintzen. Maisuak proposatzen zuen guztia ulertu eta momentuan aplikatzeko gai nintzen emaitza onen bat lortuz. Bera nola mugitzen zen ikusita berehala asimilatu eta kutsatzen nintzen. Ikastaroan zehar ahalik eta gehien ikastea eta gelditzen ziren egunetan ahal nuen guztia aprobetxatzea erabaki nuen. Argigarria izan zen organo eta enbriologia fasean sartu ginenean.
Hirugarren egunean, nahiko zabal eta desplazamendu handiz dantzatzen ari nintzela ezkerreko bikian urratu bat eman zidan eta lurrera erori nintzen. Nire desegokitzeak apur bat erlaxatu eta askatu zirela eta ordurarte inoiz egon ez nintzen leku batera gorputza eraman nuelako. Harriduraz hurrengo egunean ikastaroa bikian minik gabe bukatu ahal izan nuela ikusi nuen.
Ikastaroan nire gorputza ulertzeko era berri bat asimilatu nuen, arnasteko era berri bat, erlaxatzeko eta nire gorputza erabiltzeko era guztiz berri bat, egia esan ez da berriro aurrekora bueltatu, ez nuke jakingo gainera aurreko hori nola zen ere. Ordutik gauetan nahiko maiz luzapenak eta ariketak egiten jardun nuen ikastaroko sentsazioa ahal eta denbora gehien mantentzearren.
Bi hilabete beranduago, pixka batean semearekin makurtuta egon ondoren zutitzean, tentsio beherakada handi bat sentituz, atake epileptiko baten antzera gorputz atalak astintzen hasi zitzaizkidan, lehenengo beso bat eta gero bestea, lurrera lau hanketan erori eta hankak ere txandaka astintzen hasi zitzaizkidan. Segundo batzuk igaro eta gero lurrean lau hanketan geratu nintzen tximista batek gorputza zeharkatu eta ezkerreko iztaitik atera zitzaidanaren sentsazioarekin.
Gaixotasuna
Pare bat hilabete beranduago gaizki sentitzen nintzelarik eta ezkerreko hankan edema bat nuelarik, ospitalera joan nintzen. Frogak egin eta nire giltzurrunak izorratu egin zitzaizkidala antzeman zuten. Berehala tratamendu bat hasi behar nuen. Antiinflamatorioak eta edemarentzat diuretikok eman zizkidaten. Tratamendua zorrotz jarraitu eta hobeto elikatzen hasi nintzen. Tratamenduak buruko mina eta izterretan agujetak ematen zizkidan, behin edo birritan ere tibiak lotuta geratu eta oinak flex eran blokeatuta geratu zitzaizkidan diuretikoek edemaren likidoaz gain beste mineral ugari ere galdu arazten zidatelako.
6 hilabetez egon nintzen horrela, 13 kilo inguru galdu nituen eta nere giharrak oso ahul zeuden. Antiinflamatorioek nere lesio zaharretan izan zuten efektua ere, beti nirekin egon den ezkerreko besoan izandako zaintiratuaren arrastoa sendatu zitzaidan eta ezkerreko hanka jarraian lanean ari zela sentitzen nuen. Hasierako sustoaz eta tratamendua eramatearen eragozpenetaz gain, nire ezkerreko oina eta ezkerreko hanka berregituratzen ari zirenaren sentsazioa nuen.
Jarraian beste tratamendu bat hasi nuen. Urte bat jarraitu nuen horrela eta urtean zehar egindako analisiak ondo zeudela ikusi eta gero pixkanaka tratamentua murrizten hasi zitzaizkidan. Beste behin kontakt inprobisazio ikastaroa egin nuen Urs Staufferrekin eta bestetan bezala ahalik eta denbora gehien gorputzeko sentsazioa mantentzearren, luzapenak eta ariketak egiten hasi nintzen. Lepoa eta pelbisa askatzeko luzapen eta ariketetan sakontzen gehienbat.
Donostia Kontakt (CI) ekimenaren jam saioetara joateko ohitura hartzen hasi nintzen. 4 hilabetez horrela jarraitu nuen. Hilabete hauetan zehar ‘metamorfosi’ bat jasaten joan nintzen pixkanaka gorputzean, pelbisa askatzean, bizkarrezurra, saihetsak, besoak, sorbaldak eta lepoa askatzean ere. Orkatilak pixka bat estilizatu ziren eta dagoeneko ezin nuen ezkerreko orkatila hezurrarekin eta tendoiarekin sortzen nuen soinua egin. Oinazpietako arkuak ondo ezartzea gutxiago kostatzen zitzaidan eta belaunak, aldakak, saihetsak eta sorbaldak egokitzen eta orekatzen ari zirela sentitzen nuen. Eskubiko omoplatoan nuen desegokitzearekin ez nuen lehen bezain hainbeste soinu ateratzen.
Gau batean, aldaka eta pelbisa askatzeko luzapen eta ariketa saio aprobetxagarri bat izan eta gero oheratu nintzen. Oheratu eta ordu batera ezkerreko aldakatik masa bero bat igotzen ari zitzaidala sentitzen hasi nintzen, pixkanaka lunbarrera igotzen. Tentsio beherakada bat izango nuela sentitu nuen. Tentsioa hartzera joateko altxatu nintzenean pasillo erdian lurrera erori eta lau hanketan geratu nintzen berreskuratzen saiatzen, ez nuen konorterik galdu. Hobetu nintzela tentsioa hartzerakoan oso baxua zegoen (6/3). Urgentzitan frogak egin eta giltzurrunak zuzen ari zirela funtzionatzen iragarri zidaten.
Jipoi ederra jasan zuen nire gorputzak gau horretan eta hurrengo hilabete t’erdia nire tentsioa nahiko irregularra egon zen, motiborik gabe igo eta jaisten zitzaidalarik. Kontakt inprobisazio jam saio bat edo bestean parte hartu eta gero egun batzuk normalizatzen zen baina berriro jarraian lanean eserita egotean berriro irregularra bihurtzen zen.
Egun hartatik kilima txiki batzuk sentitzen hasi nintzen ezkerreko aldakatik igotzen lunbarretara bidean. Pixkanaka filtratzen ari diren toxinak omen dira. Egun horretan nire gorputzak, urtetan zehar nagusiki ezkerreko hankan bildutako toxina masa bat, iragazten uzten hasi zela sentsazioa dut. Gainera abdominal batzuk gerritik bereiztu zirela eta horregatik torsoaren zabaltasun gehiago neukan, hesteak eta erraiak berrantolatu zitzaizkidan pixka bat eta digestio hobeak izaten hasi nintzen, eta betidanik sabelean izan ditudan nerbioak desagertu ziren.
Dantza inoiz bezala gozatzen
Gauzak honela, azkeneko urtean zehar kontakt inprobisazio jam saioetara maizago joaten egon naiz, korrika egiten ere hasi naiz eta luzapenak eta ariketak ere tarteka egiten jarraitzen dut. Guzti hau nere gorputz prozesua jarraitzearren. Gorputza inoiz baino orekatuagoa daukat eta oinak, orkatilak, belaunak, aldaka, bizkarra, besoak, sorbaldak eta lepoa ere inoiz baino aske eta lerrokatuagoak. Asko falta zaidala uste dut oraindik baina dantza inoiz bezala gozatzeko aukera izaten ari naiz gaitasun berri guzti hauengatik.
Hala ere oraindik gaixotasunaren arrastoren bat geratzen zait, eta kronikoa den heinean arrastoa betirako geratuko da. Ea posible dudan pixkanaka desagerraraztea edo gutxienez guztiz kontrolatzea, nere gorputz desegokitze horren prozesuarekin erlazionatuta dagoela uste bait dut. Amorru pixka bat ematen dit zeren eta behin edo bitan saiatu naiz medikuei hau azaltzen baina arraro begiratzen didate kasurik egin gabe, giltzurrunak oso konplexuak bait dira eta normala den bezala nahiago dute analisi eta tratamenduan zentratu.
Esan bezala, honaino iritsi bazara sorpresatxo bat daukazu. Dantza garaikidea egiten hasi nintzeneko lehenengo lanetako baten bideoa. Adeshoras Danza dantza taldearekin batera Asier Zabaletak egindako ‘Danada’ koreografia. Kontutan izan bideoa oso zaharra dela eta apur bat berreskuratu behar izan dudala.