Zer da Mugida?

Ongi etorri nire blog pertsonalera, Iker Urteaga naiz eta blog honetan gorputza, dantza eta mugimenduaren inguruan topatu edo idatziko ditudan hainbat eduki argitaratzen joango naiz.

Txikitan haur kirolari bat nintzen beste asko bezala eta oso gustoko nuen gora eta behera ibiltzea. Gaztetan bai antzerkia eta dantza garaikidea frogatu nituen eta urte batzuk pasa nituen dantza ikastaro desberdinak jasotzen. Bitartean ere, Adeshoras Danza dantza konpainiako kide modura ibili nintzen konpainiaren ikuskizunetan parte hartuz.

Garai hauetan zehar dezente zabaldu zitzaidan nire gorputzarekiko ulermena eta horixe mantendu eta hedatzearren, ahal izan dudan heinean dantza egiteari ekin diot. Nire gorputz prozesua sakonago ezagutzeko interesa baduzu sarrera batean azaldu nuen, Oin lauak izatetik ez hain lauak izatera.

Dantza eta mugimendu esperientzia

  • Iñaki Landa (Dantza garaikidea, 1996-1997)
  • Adeshoras Danza (Arantza Balentziaga, Maite Berasategi, Silvia Clemente eta Asier Zabaleta, Dantza garaikidea, 1997-2009)
  • Nadine Gerspacher (Dantza garaikidea, 2009)
  • Daniel Abreu (Dantza garaikidea, 2009)
  • Andrea Anhaia (Dantza garaikidea, 2010)
  • Nicole Seiler (Dantza garaikidea eta bideoa, 2011)
  • Urs Stauffer (Kontakt inprobisazioa eta Body-Mind Centering®, 2012, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018, 2019)
  • Mikel Aristegui (Dantza garaikidea, 2017)
  • Karl Frost (Kontakt inprobisazioa, 2017)
  • Patricia Gracia Parra (Body-Mind Centering®, 2017-2018)
  • Laura Aris (Dantza garaikidea eta Kontakt inprobisazioa, 2017)
  • Eneko Alcaraz (Kontakt inprobisazioa, 2018)
  • Marko Fonseca – Los INnato (Dantza garaikidea, 2018)
  • Carmen Alcalde (Kontakt inprobisazioa, 2018)

Zergatik Mugida?

Izena aukeratzen hasteko, lagun batek beti esaten zidan aholku bat kontutan hartu nuen. Lagun honek zera esaten zidan; marka izen bat edo domeinu bat asmatu behar banuen, 3 silaba izatea zela onena, ez gutxiago ez eta gehiago.

Gainera telefonoz izen hori esaterakoan adibidez, ez nuela inongo ortografia azalpenik eman behar nola idazten zen ulertzeko. Aholku ona dela uste izan dut beti eta behar dudanean kontutan hartzen dut.

Horren eredu nire web diseinu lanbidearen izena eta bere domeinua adibidez, Trebere Web Diseinua (trebere.eus). Egia esan baten batek ea ubez idazten den galdetu dit noizbait.

Bestalde, banekien gorputza, dantza eta mugimenduaren inguruan izango zela bloga, hortaz pentsatzen jarri eta berehala mugi gora eta mugi behera, halako batean Mugida etorri zitzaidan.

Bere soinua oso gustokoa nuen eta nire lagunaren aholku arauak ondo betetzen zituen, baina mugimendu edo dantza gida bat bezala ulertuko zuela jendeak ez zitzaidan gehiegi konbentzitzen. Dena dela asko gustatzen zitzaidan Mugida hitzaren soinua eta badaezpada hiztegian bilatu nuen ea zerbait zehatzagoa esan nahi zuen. Pozik ikusi nuen baietz, ez bait nuen orain arte hitz hori inoiz entzun. Mugida hitzaren sinonimoak higidura, mugimendu, bultzada eta bulkada dira.

Azkenik, honek guztiz konbentzitu ninduen eta blogaren izena aukeratzeko behar nuen azken arrazoia izan zen.

Horrela nire blog pertsonala sortu nuen interesa dudan gaietan oinarrituta, gorputza, dantza, mugimendua eta blog bat euskaraz idatzi eta kudeatzeko erronka hartuz.

Hortaz, hemen dago nire esperientziatan oinarritutako gogoetak argitaratzeko blog pertsonala. Bloga jarraitzera gonbidatuta zaude eta espero dut gustukoa izatea.

Nirekin harremanetan jarri, dudaren bat argitu edo niretzako iradokizunik baduzu, pozik jasoko ditudalarik, Harremana atalean duzun formularioaren bidez egin dezakezu. Zure mezua jaso eta lehen bait lehen jarriko naiz zurekin harremanetan.

Blogaren jarraitzaile bilakatu zaitez gogokoen duzun sare sozialean argitaratutako informazioa lehen bait lehen jasotzearren.